XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Geneen jokabidea herentzian

Karaktere bera mugatzen duten bi aleloak modu berean edo desberdinean jardun dezakete eta horren ondorioz, bi egoera sorraraz ditzakete:

- Indibiduo bat karaktere bati dagokionez homozigotikoa (garbia edo purua) dela esaten da bi aleloak berdin-berdinak direnean eta, beraz, modu berean jarduten dutenean.

Ilar-landarearen kasuan, adibidez, loreen kolorea zehazten duten bi aleloek purpura-kolore modura jardun dezakete edo biek kolore zuri modura.

- Indibiduo bat karaktere bati dagokionez heterozigotikoa dela esaten da bi aleloek desberdin jarduten dutenean.

Aurreko kasuan adibidez, alelo batek purpura-kolorea zehazten du eta besteak kolore zuria.

Heterozigosiaren kasuan, halaber, egoera desberdinak ager daitezke:

- Alelo bat besteari dagokionez gainartzailea da.

Alelo gainartzailea fenotipoan adieraziko da eta bestea, azpirakorra, aldiz, ezkutuan geratuko da.

Loreen kolorearen kasuan, purpura-kolorea zehazten duen aleloak (B) zuria zehazten duena (b) dominatzen du, beraz, hibrido bat Bb letren bidez adieraziko dugu eta bere fenotipoa purpura izango da.

Gauza bera gertatzen da beste karaktere batzuekin, hazien kolore horia gainartzailea da berdeari dagokionez, etab. Kasu horietan karaktereak herentzia gainartzailea duela esaten da.

- Bi aleloak ekipotenteak edo kodominanteak dira, ez dira guztiz espresatzen eta hibridoaren fenotipoak itxura neutroa agertzen du, hau da, alelo bakoitzak, homozigotikoa izango balira, zehaztuko luketenaren nahasketa.

Adibidez, tximeleta jakin batzuen hegalen kolorearen kasuan, homozigotikoak beltzak (CBCB) edo zuriak (CZCZ) dira, baina heterozigotikoak (CBCZ) grisak dira.

Beste adibide ezagun bat landare batzuen loreen kolorearena da.

Hauetan hibridoa arrosa da eta puru edo garbiak gorriak edo zuriak. Kasu horretan karaktereak bitarteko fenotipoa duela esaten da eta batzuetan bitarteko herentziaz hitz egiten da.

Zenbaitetan hi aleloak kodominanteak direnean fenotipoa ez dagokio nahasketari, baizik eta hibridoak aleloak homozigosian egongo balira adieraziko lituzketen bi karaktereak batera agertzen ditu.

Esate baterako, odol-taldeak sailkatzeko MN izeneko sistema bat dago, horren arabera M taldeko indibiduoak (LMLM) homozigotikoak dira, N taldekoak (LNLN) homozigotikoak dira eta (LMLN) heterozigotikoek MN taldea dute fenotipotzat.

Geroago ikusiko dugu, AB0 sisteman baita ere, (IAIB) heterozigotikoak AB taldekoak direla, hau da, A eta B taldekoak aldi berean. Kasu horietan herentzia kodominantea dela esaten da.

Herentzia gainartzailea edo dominantearen kasuan, karaktere azpirakorra genotipoa homozigotikoa denean soilik azalduko da fenotipoan.

Beste modu batera esanda, fenotipoan karaktere azpirakorra agertzen duen indibiduoak karaktere hori mugatzen duen aleloari dagokionez homozigotikoa izan behar du, eta karaktere gainartzailea agertzen duen indibiduoa, aldiz, homozigotikoa edo heterozigotikoa izan daiteke.

Indibiduo horren genotipoa ezagutzeko proba-gurutzaketa edo atzeragurutzaketa egin behar da, indibiduo-problema horren eta genotipo ezaguneko, karaktere azpirakorra duenaren artean.

Alelo bat gainartzailea edo azpirakorra izatea karaktere eta espezie bakoitzaren baitan dago eta ezin da orokortu.

Oro har, alelo gainartzaileak adierazteko letra larriak erabiltzen dira eta txikiak azpirakorrentzat.

HERENTZIA GAINARTZAILEA; Karakterea: ilarraren loreen kolorea / B = purpura b = zuria / GENOTIPOA FENOTIPOA / Homozigotikoa / BB zuria / bb purpura / Heterozigotikoa Bb purpura

ALELO KODOMINANTEAK / Bitarteko herentzia / Karakterea: tximeleten hegalen kolorea / CB= beltza CZ =zuria / GENOTIPOA FENOTIPOA / Homozigotikoa / CBCB beltza / CZCZ zuria / Heterozigotikoa CBCZ grisa / Herentzia kodominantea / Karakterea: gizakiaren MN odol-taldea / LM=m taldea LN=N taldea / GENOTIPOA FENOTIPOA / Homozigotikoa / LMLM M taldea / LNLN N taldea / Heterozigotikoa LMLN MN taldea